Euskaraldiaren hirugarren edizioa ostiralean hasi da, “Hitzez ekiteko garaia” leloarekin, eta Bilboko Udalak euskararen aldeko ekimen honen aldeko konpromisoa eta babesa agertu nahi izan du Udaletxeko mailadian argazki sinboliko bat eginez.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da buru gaurko bat-bateko argazkian, zeina Euskaraldia hitza osatzen duten letrei agerian eutsiz atera baita, eta zeinean Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia, Udal Korporazioko beste kide batzuk eta udal langile batzuk ere izan baitira. Aburtok, beste behin ere, hau gogorarazi nahi izan du: “ardura handiko kontua da euskara erabiltzea, haren erabilera normalizatzea gure bizimoduko arlo guzti-guztietan, Bilbo geroz eta hiri euskaldunagoa izan dadin”. Alkateak, halaber, hau gaineratu du: “euskara da gure aliaturik onena gure kultura eta nortasuna zaintzeko eta bizirik iraunarazteko”.
Datorren abenduaren 2an amaituko da Euskaraldia, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezpera baita, eta, ordura arte, Udalak hainbat ekintza antolatu ditu euskararen erabilera sustatzeko herritarren artean eta, batez ere, udal langileen artean.
Udalak hau nahi du: “Euskaraldiak Udaleko bazter guztiak betetzea”. Bestalde, sailetako, zuzendaritzetako, udal sozietate eta udal taldeetako langileak gonbidatu nahi izan ditu parte hartzera eta belarriprest edo ahobizi rola hartzera; halaber, animatu ditu beren lantokietan beste argazki bat egitera, gaur goizean egindakoa bezalakoa. Asmoa da lan-giro lasai bat sortzea, nahi duenak Euskaraldian parte har dezan. Irudiak hurrengo egunetan zehar argitaratuko dira Bilboko Udalaren sare sozialetan.
Horrez gain, bi egunik behin eta Euskaraldia amaitu arte, mezu elektroniko bat jasoko dute beren lan-tokian erronka erraz bati erantzuteko, ohiturak sortzearren komunikazioa lanaren eremuan euskaraz gauzatu dadin ahal den guztietan.
Azkenik, kontuan hartuta zer eragin duen merkataritza eta ostalaritza sektoreak bilbotarren hizkuntza-ohituretan, Udalak gutun bat igorri die Biribilko programan parte hartzen dute merkataritzako eta ostalaritzako profesionalei, Euskaraldiarekin bat egin dezaten.