Bilboko Udalak Bizkaia Irratia, Bilbo Hiria Irratia eta Hamaika Telebista omendu ditu, bihar, abenduak 3, ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan.
Aurten, Udalak eskertu eta ikusarazi nahi izan du programazioa oso-osorik euskaraz ematen duten tokiko ikus-entzunezko hedabideen konpromisoa, “bilbotarren artean euskara normalizatzen eta euskal kultura sustatzen egiten duten lanagatik”.
Omenaldia gaur goizean izan da, Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan, Juan Mari Aburto alkatea buru. Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntzako zinegotzia eta beste udal ordezkari batzuk izan dira bertan. Jabi Onaindia Bizkaia Irratiko ordezkariak, Ane Zabala Bilbo Hiriko zuzendariak eta Iñaki Uria Hamaika Telebistako zuzendariak hitza hartu dute Udalaren aitorpen sinboliko hau eskertzeko. Omenaldiek Darío Urzayk egindako grabatu bana jaso dute. Aurten, omenaldia Sustraiak Adarretan euskal taldearen emanaldiarekin girotu da.
Aburto alkateak omendutako hiru hedabideetako lantaldeei esan dienez, “euskara hutsez emititzea da zuen ezaugarria, berezi egiten zaituztena. Bilbo gero eta euskaldunago baten bultzatzaile zarete, bilbotarrek euskaraz hitz egitea eta harremanetan sartzea eta euskaraz bizitzea sustatzeko eragileak zarete”. Juan Mari Aburtok, gainera, adierazi du uste osoa duela euskara hutsean emititzearen aldeko apustua egitea ez zela erraza izango, baina nabarmendu du denborak erakutsi duela apustu “sendoa eta irmoa dela, pitzadurarik gabea”.
BIZKAIA IRRATIA
Bizkaia Irratia da bere programazio osoa euskara hutsean Bizkai osorako ematen duen irrati bakarra. Gainera, bizkaieraz egiten duen bakarra da. Helburuen artean, informazio-xedeekin lotutakoez gain, euskararen erabileraren garapena eta normalizazioa nabarmentzen dira.
BILBO HIRIA
Bilbo Hiria Bilbo handirako euskara hutsean aritzen den irrati bat da. Bere programazioan gai sozialak eta kulturalak nabarmentzen dira. Musikan, berriz, kalitatea eta dibertsitatea dira haren apustuak. Zenbat Gara kultur elkarteak sortu zuen Bilbo Hiria. Helburu nagusia, herritarren artean euskara eta kultura bultzatzea.
HAMAIKA TELEBISTA
Hamaika Telebistaren helburua da euskarazko ikus-entzunezko informazioa sortzea eta hedatzea, telebistan eta Interneten euskarazko eskaintza areagotu eta hobetzeko, hizkuntza normalizatzearen baitako apustu irmo bat eginez. Komunikabideak berak dioenez, talde-laneko egitasmo bat da, hiriari zuzendua, eta hiriaren parte-hartzea sustatzen du.
EUSKARAREN EGUNEKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Aurtengoan ere, Bilboko Udalak bat egin du Euskararen Egunaren adierazpen instituzionalarekin, Eusko Jaurlaritzak proposatua. “Adostasuna, etorkizunaren giltzarri” lema dauka, Euskararen Legearen inguruan lortu zen kontsentsua dela-eta, aurten legearen berrogeigarren urteurrena ospatzen baita.
Horrela, testuak dioen bezala, “Asko zor dio euskarak adostasunari, eta deus ez adostasun ezari. Adostasuna baitu euskararen etorkizunak giltzarri; hondamendi luke euskarak, ordea, adostasun eza”. Aurrerago dioenez, “Eta adostasunak borondatea du oinarri ezinbesteko. Borondatea, eta eskuzabaltasuna noski, behar baitira buru-bihotzetan abiaburu eta helmuga ezberdinak ditugunon artean diagnosiak eta aurrerabiderako urratsak adosteko. Ez da inola ere eginkizun erraza; bai, ordea, euskararentzat ezinbestekoa”, eta gaineratzen du: “Neurri berean baitu euskarak ezinbestekoa inor ez atzean uztea eta aurrera urrats bizi bezain sendoz egitea. Euskarak batzen gaituelako, ez inola ere banatzen. Adostasunean”, adierazten du, amaitzeko.