Ia 700 lagun batu dira gaur goizean Campos antzokian egin den ikasturte amaierako bertso topaketan.
Bilboko topaketa
Gaur goizean izan da Bilboko ikasturte amaierako Bertso topaketa, Campos antzokian. Azkenengo urteetan on-line topaketak egin ostean, aurrez aurreko topaketa itzuli da, eta hamabi ikastetxetako seiehundik gora gaztetxok hartu dute parte.
Bertsozale Elkarteko Jone Larrinaga eta Josu Telleria bertsolaritza irakasleek gidatu dute ekitaldia eta Euskal Herrian zehar egin dute bidaia, egin dute “bertso tourra”, parte hartzaileek; Gipuzkoa, Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa, Araba eta Bizkaiako beste bertsolaritza ikasle batzuekin ibili dira bertsotan, pantaila lagun.
Eta zelan ez, bat-bateko bertsoak ere izan du bere lekua. Bertsolaritza ikasleek egindako aurkezpen eta galderei erantzun behar izan diete bertsolariek eta librean ere egin dute bertsotan Onintza Enbeita, Izaro Bilbao eta Nerea Ibarzabal bertsolariek. Hauez gain, Bilbo eta inguruetako bat-bateko taldeetako hainbat bertsolari gazte ere aritu dirua bertsotan oholtza gainean.
Ekitaldiaren beste momentu garrantzitsuetako bat kantaldia izan da Mikel Mikelot musikariaren eskutik. “Kalian gora eta kalian behera” ibili dira gaztetxoak, eta beste abesti askoren artean, “Mundu bat bertso” proiektuaren abestia ere abestu dute.
Saioa borobiltzeko ikasturteko lanaren erakusgarri den diploma jaso dute ikastetxeek. Diploma banaketan, Bilboko udaletik -egitasmoa diruz laguntzen baitu- Lierni Lizaso Euskara eta Hezkuntza saileko zuzendariak eta David Rosales euskara teknikariak hartu dute parte, eta Bizkaiko Bertsozale Elkartetik zuzendaritza kide Idoia Anzorandiak eta Elkarteko koordinatzaile Ione Narbaizak.
Topaketak
Bilbokoa ez da, ordea, ikasturte amaieran egiten den topaketa bakarra. Bizkaia osoan zehar hamaika herritan izan dute, edota izango dute bertsolaritza ikasle gazteek urtean zehar ikasitakoa taularatzeko parada, besteak beste, Balmaseda, Abanto-Zierbena, Basauri, Enkarterri, Barakaldo, Mungia, Erandio, Ondarroa, Muskiz, Bermeo, Gernika-Lumo, Zornotza, Uribe-Kosta, Galdakao, Arratia, Durango, Ermua eta Txorierrin.