Bilboko Udalak Rafael Mikoleta euskarazko ipuinen Lehiaketaren XXXVI. edizioan parte hartzeko izena emateko epea ireki du. Lehenengo euskal gramatikaren egilearen omenez egiten den lehiaketaren helburua da 8 eta 16 urte bitarteko Bilboko ikasleen artean euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna zabaltzea.
Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lau mailetako ikasleek urtarrilaren 26ra arteko epea dute beren ipuinak aurkezteko.
Bilboko Udalak 1988az geroztik antolatzen du lehiaketa hau, euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna zabaltzeko eta euskal literatura sustatzeko, istorioak irudikatzeko, sortzeko eta hitzez adierazteko aukera emanez. Guztira 1.004 ipuin aurkeztu ziren lehiaketara aurreko edizioan.
Gai librekoak, hainbat baldintza bete beharko dituzte, besteak beste, euskaraz idatzita egotea eta marrazkiak izatea; lanak urtarrilaren 26ko 14:00ak arte aurkeztu ahal izango dira Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko Euskarako Zuzendaritzan (Venezuela plaza 2, 7. solairua, 48001, Bilbo).
Epaimahaia, bestalde, literaturaren munduari lotutako pertsonek osatuko dute -Eneko Zuloaga, Galder Urzaa, Goizalde Landabaso, Igone Etxebarria, Irune Urrizelki, Juan Ramon Madariaga, Lutxo Egia eta Txani Rodriguez-, eta maiatzean emango dute epaia.
KATEGORIAK ETA SARIAK
14 sari banatuko dira, lau kategoriatan (A, B, C eta D):
- Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak, A kategorian
- Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak, B kategorian.
- DBHko 1. eta 2. mailak, C kategorian.
- DBHko 3. eta 4. mailak, D kategorian
Kategoria horietako bakoitzean hiru sari banatuko dira:
- 1. saria: 200 euroko balioa duten opariak.
- 2. saria: 160 euroko balioa duten opariak.
- 3. saria: 120 euroko balioa duten opariak
“BILBO BALIOEN HIRIA” SARIA
“Bilbo Balioen Hiria” saria ere emango da, Bilboko Balioen Agirian jasotako balioetakoren bati erreferentzia egiten dioten ipuinen artean bi sarituz. Bi sari horietako bakoitzak 170 euroko balioa du, eta DBHko ikasleentzat dira biak.
Lehiaketaren oinarriak www.bilbao.net udal webgunean eta www.bilbaoeuskaraz.eus orrian daude.