“Languages Lanean” hizkuntzen kudeaketari buruzko lehen nazioarteko kongresua egingo da Bilbon urtarrilaren 18an eta 19an. “Languages Lanean. Hizkuntzen kudeaketaren erronkak jarduera ekonomikoan” kongresuak lan munduan hizkuntza-kudeaketak duen garrantzia azpimarratzea eta eremu sozioekonomikoan hizkuntza-kudeaketa aurreratua duten praktika onak zabaltzea du jomuga.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatutako kongresua da –Bilboko Udalaren laguntzarekin– eta nazioarteko izaera dauka. Kongresua doakoa da, baina bertaratzeko beharrezkoa da izena ematea: https://languageslanean.euskadi.eus.
Bingen Zupiria eta Arantxa Tapia sailburuek “Languages Lanean” kongresua aurkeztu dute gaur Bilbon. Urtarrilaren 18 eta 19an Bilbon izango den kongresu honek aukera emango du lan eta jarduera ekonomikoaren eremuan hizkuntzen kudeaketen erronkei buruzko esperientziak ezagutzeko eta irakaspenak partekatzeko, baita horien gainean eztabaidatzeko ere. Horretarako, Euskal Herriko zein nazioarteko hizlariak gonbidatu dira. Hitzaldiez gain, gai jakinen arabera antolatutako mahai-inguruetan parte hartu ahal izango da.
Bingen Zupiriak azaldu duenez, azken hamarkadetan euskara eremu berriak irabazten aritzea ezinbestekoa izan da euskararen indarberritze prozesuan. “Languages Lanean” kongresua mugarri berria da lan-eremuan euskararen presentzia areagotzeko. “Ez gara hutsetik abiatzen, eta uste dugu azken urteotan landutakoa baliagarria izan daitekeela adibideak eta jardunbide egokiak ezagutzeko eta ikasteko, helburu batekin: euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzea, baita enpresa arloan ere”.
Bestalde, Arantxa Tapiak ziurtatu du enpresa batek hizkuntza kudeaketari buruzko hausnarketa egiteak eta erabakiak hartzeak lehiakortasuna irabazteko eta kalitatezko produktu edo zerbitzua eskaintzeko balio duela. “Hizkuntzen kudeaketa enpresaren kudeaketa prozesuan txertatua duen enpresa lehiakorragoa izango da merkatuan: barne prozesuak hobetuko ditu eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko berme handiagoa izango du”.
EGITARAU ZABALA ETA 50 HIZLARI BAINO GEHIAGO
Bi eguneko topaketa izango da, eta Bilbon izango du egoitza; urtarrilaren 18an Euskalduna Bilbao Jauregian eta 19an Guggenheim Bilbao Museoan. Kongresua hiru zatitan banatuko da:
- Urtarrilaren 18 goiza: Eusko Jaurlaritzako eta Europar Batasuneko ordezkariak egongo dira, baita bertako zein nazioarteko enpresetako arduradunak ere. Hala, hizkuntzen kudeaketaren gaia Europar Batasuneko testuinguruan aztertzeaz gain, Google, GKN edo Mondragon Korporazioak euren esperientziak azalduko dituzte.
- Urtarrilaren 18 arratsaldea: Euskalduna Jauregian bertan gai eta sektore desberdinen araberako mahai-inguruak izango dira. Orotara, lau areto egongo dira. Izena ematerako garaian lau areto horietako bat aukeratu behar izango da:
- “Pertsonak” eta “Nazioartekotzea” aretoa.
- “Hizkuntzen kudeaketarako baliabideak” eta “Enpresa txiki eta ertainak” aretoa.
- “Sektore publikoa” eta “Hezkuntza eta lan mundua” aretoa.
- “Hizkuntza teknologiak” eta “Zerbitzuaren kalitatea” aretoa.
- Urtarrilaren 19 goiza: Hizkuntzen kudeaketaren gaia kultur eremuko sortzaile eta eragileen ikuspegitik aztertuko da. Bertan izango dira besteak beste, Esti Urresola gidoilaria, zuzendaria eta ekoizlea; Itziar Ituño aktorea edo Pello Reparaz musikari
NORI ZUZENTZEN ZAIO “LANGUAGES LANEAN” KONGRESUA?
Enpresari eta langile, bezero eta hornitzaile… Hizkuntzaren erabilerari lotutako kezkak dituen lan-eremuko pertsona orok topatuko du ezagutza interesgarria kongresuan; besteak beste, nola eman bere lekua hizkuntza bakoitzari; nola zehaztu elkarren arteko bizikidetza egokia, nola neurtu hizkuntzek duten balio ekonomikoa edota neurtezinak diren balio erantsiak.
Languages Lanean kongresua doakoa da, baina bertaratzeko beharrezkoa da izena ematea: https://languageslanean.euskadi.eus