Bilboko Udalak euskararen Bilboko egoerari buruzko diagnostikoaren amaierako faseari ekingo dio ekainean egingo den parte-hartze prozesu batekin. Bilboko Udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onetsi zuen 2014an. Bertan ezarritako helburuen alde hamarkada batez lan egin ondoren, 2024an euskararen egungo egoera aztertzeko prozesu bati ekin zaio, etorkizuneko erronkak eta ildo estrategikoak zehazteko asmoz.
Horrela, urtarrilean hasitako parte-hartze prozesua ekainean amaituko da, hainbat jarduerarekin: batetik, herritarrek parte hartzeko saioa, hilaren 20an, 18:00etan, La Bolsa eraikinean, eta, bestetik, inkesta bat bilbao.eus eta bilbaoeuskaraz webguneen bidez. Inkesta horretan, ekainaren 10etik 30era bitartean, bilbotarrek iritziak eman eta iradokizunak partekatu ahal izango dituzte.
PROZESUA
Eusko Jaurlaritzak sustatutako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) 2013an onetsi zen, administrazio publikoek udalerrietan euskara sustatzeko jarduteko esparru estrategiko gisa. Planaren indarraldia 10 urtekoa izatea erabaki zen. Indarraldia bukatuta, 2024an Eusko Jaurlaritzak esparru berri bat aurkeztu du, AROA izenekoa.
Bilboko Udalak 2014an onetsi zuen Euskara Bilbon Sustatzeko Ekintza Plana, eta orain, 2024an, haren ibilbidea eta orain arte izandako eragina aztertu eta baloratuko ditu. Egungo egoeraren diagnostikoa osatuko du, eta, ateratako ondorioekin, plan berri bat diseinatuko du hurrengo 10 urteetarako.
Prozesua hasteko, euskarak Bilbon duen egoerari buruzko era guztietako datuak eta ikerketak aztertu dira: datu estatistikoak, soziolinguistikoak, erabilerari buruzkoak, Bilbon euskarari buruz egindako azterlanak… Ondoren, aurreko planaren ibilbidea eta bilakaera aztertu dira, eta burututako jardueren eta programen adierazleak analizatu dira.
Urtarriletik ekainera, lanaren faserik garrantzitsuena jarri da abian: parte-hartze prozesua. Prozesu horretan erakundeek, elkarteek, alderdi politikoek, enpresek eta Bilboko gizarte-mugimenduko eragileek parte hartu dute. Helburua hainbat esparrutako ordezkarien iritziak, ideiak eta proposamenak bateratzea izan da, etorkizunari begira bide egokiak eta eraginkorrak hautatu eta lantzeko.
Urtarrilean eta otsailean, eremu horietako ordezkariak elkarrizketatu dira, hiriaren hizkuntza-politikari buruzko kezkak, iritziak eta proposamenak biltzeko. Ondoren, otsailetik martxora bitartean, 5 kontraste-saio edo lan-mahai antolatu dira, Bilboko egungo errealitatea aztertzeko, beharrak identifikatzeko eta etorkizunerako erronkak definitzeko. Zenbait talde eratu dira eta kontraste-saio bat antolatu da haietako bakoitzarekin, arloen, eremuen eta hartzaile moten arabera. Talde bakoitza eratzeko, landutako gaian edo arloan Bilbon jarduten duten eragileak, adituak edo elkarteetako ordezkariak gonbidatu dira. Arlo hauetan lan egin da: hizkuntzaren jabekuntza, arlo sozioekonomikoa, aisia eta kirola, kultura eta komunikabideak. Apirilean, Bilboko 8 barrutietako batzordeetako kideak bilera batera gonbidatu zituzten, auzoen ikuspegia jasotzeko eta euskararen auzoetako egoera ezagutzeko.
Orain, ekainean, partaidetza-prozesuari amaiera emateko, herritarrak izango dira protagonista. Bilbotarrek prozesuan parte hartzeko aukera izango dute, euskarak Bilbon duen egoerari buruzko iritziak eta beharrak adieraziz, bai eta etorkizunari begira proposamenak eginez ere. Horretarako, ekainaren 20an parte-hartze saio ireki bat antolatuko da La Bolsa eraikinean, 18:00etatik 19:30era bitartean. Bestalde, bilbao.eus eta bilbaoeuskaraz webguneetan galdetegi bat jarri da, parte hartzeko beste modu bat egon dadin. Bilbotarrek ekainaren 10etik 30era bitartean bete ahal izango dute.
Parte hartzeko prozesua amaitu ondoren, jasotako datu, iritzi, behar eta proposamen guztiak aztertuko dira, eta hurrengo urteetarako gidalerroak eta erronkak definituko dira. Horrekin guztiarekin, Bilboko Udalaren Plan berria onduko da