Bilboko Udalak, gainera, bat egin du Eusko Jaurlaritzak proposatu duen Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionalarekin.
Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, Eider Inunciagak, Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak, eta udal-korporazioko beste ordezkari batzuek aurkeztu dute gaur goizean, udaletxeko Arabiar aretoan,Euskararen Nazioarteko Eguna. Aurten, Bilboko dantza taldeak omendu dira.
Dantza talde hauek egon dira ekitaldian: Gaztedi-Santutxu (1951), Bihotz Alai -Deustu (1958), Arraizpeko Gazteak-Errekalde (1961), Irutasun-Altamira (1967), Beti Jai Alai-Basurtu (1968), Batasuna Arraizbide-Errekalde (1972), Salbatzaile-Castaños (1978), Goi Herri-San Inazio (1978), Mikeldi-Deustu (1979), Ibai arte-Zorrotza (1996). Alkateak gaurko eguna oroitzeko opari bat eman die talde guztiei, bere esanetan «kultura euskalduna benetan transmititzen dutelako. Dantza taldeen ekarpena funtsezkoa izan da gure hizkuntzak bizirik jarraitzeko. Bereziki baloratzen dugu egin duten zabalkunde-lana, batez ere aldi historikoetan eta oso zailetan egindakoa.»
Juan Mari Aburtok hau gogoratu du: «zentsura eta debekuak nagusi zirenean, Bilboko dantza taldeek zalantzarik gabe eman zuten euskal kultura ezkutuan eta agerian biziberritzeko aukera. Etsaiari aurre egiteko bat egin zuten, bere hizkuntza eta adierazpen tradizional eta sortzaile gehienak erabiltzea mugatuta zituen herriaren kohesio soziala eta arima bultzatuz. Ez zen euskara jakin behar dantza egiteko. Beraz, abestiak, dantzak eta musika kultura adierazteko bidea izan ziren, herriak bizirik jarraitzen zuela erakusteko bidea. Gaur egun, XXI. mendeko euskal dantza taldeetan dagoen haur eta gazteen kopurua ikusita, zaila egiten zaigu garai zailak eta konpromiso handia eskatzen zutenak irudikatzea. Halako garaiak izan ziren; baina hemen jarraitzen dute, eta horregatik egiten die Udalak omenaldia: eskerrak emateko».
EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNAREN BESTE SORPRESA BATZUK BILBON
Bilboko Udalak antolatutako Euskararen Nazioarteko Egunean beste sorpresa batzuk ere izan dira. Horien artean, Bilboko Txistularien Bandaren eta Onintze abeslariaren emanaldia.
Bertaratu direnei honako liburu hau ere oparitu zaie: «Esera Goikoaz Behera Irauliak», Adolfo Arejitarena. Ikerketa-lan bat da, euskarazko ehun esaera zahar jasotzen dituena, eta Durangoko Azokaren 59. edizioaren bezperan aurkeztu da. Adolfo Arejitak horien inguruko hausnarketa egin du, eta azalpen interesgarriak ematen ditu esaera bakoitzerako. Horretarako, egileak hainbat lan aztertu ditu, nola XVI. mendearen amaierako Euskadiko bildumak –Refranes y sentencias 1596koa, Esteban de Garibayren bildumak– hala esaera zaharren bilduma berriagoak. Bilboko Udalaren, Euskaltzaindiaren eta Bizkaia Irratiaren arteko lankidetzari esker sortu da liburua.
Bertaratutakoek “Dantza taldeak Bilbon 1940-1975 bitartean” liburua ere eraman dute opari gisa (Labayruk Fundazioak egin du).
Halaber, gogorarazi behar da Bilbo Euskararen Hiriburua udal-erakusketak martxan jarraitzen duela. Erakusketak hamalau panel ditu eta haietan jasotzen dira euskarak urian izandako gertaera historikoak. Uriko barruti guztietatik pasatuko da otsailera arte.
Bilbo Euskararen Hiriburua erakusketak helburutzat du balioa ematea euskarak Bilbon duen presentziari. Horren bitartez, hizkuntzak urian izandako bilakaera aurkezten eta irudikatzen da XX. mende hasieratik, eta azpimarra berezia jartzen da bilakaera horretan eragina izan duten pertsona eta erakundeetan. Erakusketa Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko Bilboko Udalak gaurko egunean antolatutako ekitaldien barruan kokatzen da. Gainera, Gobernu Taldeko bi alderdien eta PPren arteko Osoko Bilkuraren akordio bati erantzuten dio.
Era guztietako ikusleei zuzenduta dago; paneletako azalpenak irudiekin osatzen dira, irakurketa arina eta erakargarria izan dadin, eta informazio guztia lau hizkuntzatan dago adierazita, QR kodeen bidez. Kode horiek, gainera, bideoak eta soinua txertatzeko aukera ematen dute.