


Instituzioen, politikaren, gizartearen eta kulturaren arloetako hogeita hamar bat ordezkarik hartu zuten parte maiatzaren 22ko topaketa
Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak gidatu zuen Euskararen Aholku Batzordea. Berarekin batera, hogeita hamar bat lagunek parte hartu zuten, zenbait entitate ordezkatuz, besteak beste Bizkaiko Foru Aldundia, udal sailak, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak, bai eta gizarte- eta kultura-entitateak ere, hala nola Euskaltzaindia, Labayru Fundazioa, Athletic Fundazioa edo Euskaltegien sarea.
Saioa bi bloketan banatu zen. Lehen zatian, hirian euskararen erabilera sustatzeko AROA plan estrategiko berria prestatzeko helburuz Bilboko Udala egiten ari den prozesua azaldu zen. Gai-zerrendako bigarren puntu gisa, lehen zati honetan, jakinarazi zen Udala Euskaraldian parte hartzen ari dela. Ekimen hori maiatzaren 15etik 25era bitartean da, eta euskararen erabilera soziala sustatzeko du helburu. Gero, gazteen euskarazko aisiaren gaiari heldu zitzaion, zehazki kirol-jarduerei dagokienean. Bilkuraren bigarren zatian, talde-dinamika bat egin zen, kirol-aisialdiko jardueretan euskararen erabileran aurrera egiteko ideiak partekatzeko.
EUSKARAREN AHOLKU BATZORDEA
Bilboko Udalak 2016ko otsailaren 3an jarri zuen abian Euskararen Aholku Batzordea. Hizkuntza-arloko kontsulta- eta eztabaida-organoa da, eta honako helburu hauek ditu: hirian euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta Bilbon euskararen sustapenean eta normalizazioan interesa duten pertsona eta entitateentzako topaketa- eta partaidetza-foro izatea.