Bilboko AROA Plan Estrategikoa 2025-2035 onartu berri du Bilboko Udalak eta planaren helburuei jarraituz, lehen ekintza nagusia jarri du martxan: Udalarekin euskaraz? Bai, noski! kanpaina.
Abenduaren 1ean abiatu da Euskararen Egunarekin bat eginez eta helburua da bilbotarrak animatzea Udalarekin euskaraz egitera, modu horretan Udalaren eta herritarren arteko euskarazko harremanak areagotzeko.
Irudia hainbat lekutan dago ikusgai: Bilboko kaleetan, metroan, tranbian, autobusetan eta hedabideetan, besteak beste. Gainera, kanpaina hirian zehar abiatu aurretik, Udaleko langileen artean komunikatu da ekintza, Udal barrutik ere lehen hitza euskaraz izan dadin sustatzeko.
Kanpaina honekin eman zaio lehen bultzada hirian euskara indarberritzeko eta bere erabilera areagotzeko xedea duen planari, eta hemendik aurrera ekimen gehiago abiatuko dira hainbat eremutan euskararen presentzia handitzen joateko eta Bilbo gero eta euskaldunagoa izateko.
