‘Hamaikaetabat’ taldearen ezaugarriak Athletic-en jarraitzaile izatea eta bilbotar sentimendu bizia izatea dira. Taldea, ordea, haratago doa eta euskararen erabilera bultzatzeko giza eta baliabide kulturalak diren askotariko ekimenak eskainiko dizkie partaideei.
Fundazio printzipioak ‘Hamaikaetabat’-en logotipoan islatzen dira, Bilbo eta Athletic-en kolore zurigorriak, eta peñak euskara, kultura, hiriburua eta Athletic-ekin duen lotura adierazteko zubia.
Talde honetako partaide izan nahi dutenek, hamaikaetabat@juanmateozabala.com helbide elektronikora idatzita jasoko dute horretarako behar duten informazioa.
‘Hamaikaetabat’-eko partaideek taldeak antolatuko dituen ekimen guztietan parte har dezakete: museo eta kultur guneetara bisitaldiak, hiri gune zein natur guneetara txangoak, eta hainbat eta hainbat kirol eta ekimen kulturaletan parte hartzeko aukera.
‘Hamaikaetabat’-ekin batera, taldearen harreman eta komunikaziorako www.hamaikaetabat.com gune birtuala sortu da. Web-orriak, “Hamaikaetabat” eta Athletic-eko Peñen Elkarteko ekintzez gain, Juan Mateo Zabala euskaltegiko kideek idatzitako partiden kronikak eta talde zurigorriaren historia eta gaur egungo beste alderdi batzuk bilduko ditu. Euskaltegiko ikasleek komentatu ahal izango dituzten testuak izango dira, honela euskara modu dibertigarrian praktikatzeko aukera izango dute.
Juan Mateo Zabala euskaltegiak ‘Hamaikaetabat’ izena hainbat esanahi dituelako aukeratu du. Lehenengo “Hamaika”-k “asko” esan nahi du, eta horiek “bat” egiten dute.
Gainera “hamaika” futbolariz osatzen dira futbol taldeak. Eta azkenik, “hamaika” gehi “bat” “hamabi” dira, eta jakin badakigu klub bateko jarraitzaileak “12.jokalaria” direla, zer esanik ez Athletic-ez ari bagara.
Urte bete barru, ‘Hamaikaetabat’-ek bere lehen urteurrena ospatuko du eta honela Athletic-eko peña ofiziala izango da, peñak osatzeko baimenari dagokionez klubak ezartzen dituen epeei jarraituz.