Bilboko Udalak, Notzeberri.com atari kulturalaren laguntzarekin batera, aplikazio mugikorraren formatua duen lehiaketa jarri du abian, gazteek euskaraz jardun dezaten. “Galdeketaun” du izena aplikazio berriak eta 12-17 urteko Bilboko gazteei zuzendutako ekimena da.
Ekimen horrekin, Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak euskarazko tresnak baliatu nahi ditu adin-tarte horretako gazteekin, hizkuntza ludiko moduan eta jakintzarako erabil dezaten euskara eta aplikazioa erakargarri eta atsegin bihurtu.
Bilbori buruzko test motako (galdera eta erantzuna) ausazko zenbait itaunek osatzen dute lehiaketa, kultura, kirola, artea, geografia, Bilbo bera eta Athletic-en inguruko galderak izango dira besteak beste. Parte-hartzaileak ahalik eta punturik gehien lortu behar ditu. Zenbat-nahi aldiz olgetako aukera ematen du hilabete bi iraungo duen lehiaketak. Puntuazio altuena lortzen duena sarituko da baina honez gain, bestelako sariak ere zozkatuko dira bertan parte hartzeagatik eta baita lehenengo hamarren artean geratzeagatik ere.
Zelan parte hartu
Jokoa “Google Play Store” aplikazio-dendatik jaitsi ahal izango da. Lehiatzen hasi aurretik, parte-hartzaileek erabiltzaile izena, telefonoa eta adina bakarrik adierazi behar dituzte erregistratzeko. Telefono-zenbakia izenari lotua izango da eta, hortaz, ezingo dute jolastu erabiltzaile batek baino gehiagok telefono-zenbaki berberarekin.
Lehiaketari buruzko informazioa guztia eta APP-a deskargatzeko esteka www.galdeketaun.biz web gunean aurkitu daiteke.