Juan Mari Aburto Bilboko alkateak BERBAGUNEAREN bederatzigarren edizioan parte hartu du; Udalak sustatzen duen ekimenetako bat da BERBAGUNEA, eta haren xedea da Bilboko Urian euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea.
Berbagunea ekimenaren bidez, asmoa da adin guztietako euskaldunak biltzea mahai baten inguruan, euskaraz berba egin dezaten era bateko eta besteko gaien gainean ––direla liburuak, kirola, aisialdia...––, eta giro atsegin eta lasai batean.
Alde horretatik, bada, Bilboko alkateak honen moduko ekintzen garrantzia nabarmendu du: “eremuak sortu behar ditugu euskarazko harremanak agerira ekartzeko, eta gai izan behar dugu Bilboko euskaldunei parte hartu eragiteko euskara normalizatzen, eta Bilbo hiri geroz eta euskaldunagoa bihurtzen, euskara berezkoa izan dadin, eta kaleetan, plazetan eta parkeetan entzun ahal dadin...”
Egunean zehar, espero da gutxi gorabehera 1.100 pertsonak parte hartzea jarduera honetan, haietako batzuk ezezagunak, beste batzuk ezagunak, hala nola erakundeetako ordezkariak, kirol arlokoak, kulturaren edo komunikazioaren arlokoak eta beste. Alkatea ere izan da euskararekiko hitzordu honetan, eta berarekin batera, Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzi-ordezkaria eta udal korporazioko beste kide batzuk.