Juan Mari Aburto Bilboko alkateak “Non eta Bilbon” liburua aurkeztu du, Bilboko Udalak editatu eta argitaratua Labayru Fundazioarekin elkarlanean, bi erakundeek euskara eta euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko sinatuta daukaten hitzarmenaren barruan.
Gaur goizean aurkeztu da liburua Udaletxeko Arabiar Aretoan, eta han izan da liburuaren egile eta Labayru Fundazioko kide Igone Etxebarria ere. Baita ere Koldo Narbaiza Euskara Hezkuntza Saileko zinegotzia.
“Non eta Bilbon” liburuan, Bilboko historiaren gaineko 40 artikulu biltzen dira, urian han eta hemen banatuta dauden beste horrenbeste toponimo baliatuz, denak ezagunak, eta batzuk oso ezagunak. Artikuluak 17 idazleren eskutik datozkigu: Pedro Zuberogoitia, Felix Mugurutza, Mikel Gorrotxategi, Ziortza Artabe, Aitor Zuberogoitia, Segundo Oar-Arteta, Josu Larrañaga, Iñaki Gaminde, Akaitze Kamiruaga, Patxi Galé, Onintza Enbeitia, Iñaki García Uribe, Juanjo Hidalgo, Jesús Antonio Etxezarraga eta Igone Etxeberria.
Irudiak Bilboren argazkiak erabiliz egin dira, eta Mikel Erkiagak egokitu ditu; diseinua eta maketazioa, berriz, BilbaoArteko artista gazteen gain izan da, hala nola Maite Choya eta Daniel Alegrete.
Liburuan, gainera, literaturaren eta letren arloko pertsonaien berri ematen da, hala nola Agirre, Seber Altube, Toribio Alzaga, Gabriel Aresti, Ángela Figuera, Blas de Otero edo Resurrección María de Azkue, besteak beste; toponimoez den bezainbestean, Abando, Arangoiti, Errekalde, Miribilla, Otxarkoaga edo Txurdinagaz dihardute, besteak beste.
Liburu hau “Bilbon Hara-Hona” liburuaren jarraipena da, zeina 2020an argitaratu eta editatu baitzuen Udalak Labayru Fundazioarekin elkarlanean. Era horretan, bada, osatu egiten da orduan hasitako toponimia-lana Bilboko beste leku eta historia batzuekin.
“Non eta Bilbon” Durangoko hurrengo liburu eta disko azokan egongo da salgai, eta baita liburu-dendetan eta Labayruren web-orrian ere. Gainera, liburua ikastetxeetan ere banatuko da, eta Uriko liburutegietan ere egongo da eskuragai.
LABAYRU FUNDAZIOA
Labayru Fundazioa 1977an sortu zen, euskara eta euskal kultura ikertzeko, sustatzeko eta zabaltzeko. Xede horiek erdiesteko, hainbat arlotan jarduten da, dela ikerketan edo zabalkundean; irakaskuntza, itzulpena, herri-ondarea batzea, euskararen erabilera normalizatzeko planak, etnografia, lexikografia eta toponimia dira Labayruren arloak, besteak beste.