Urtero irailean ohikoa izaten denez, Udalak ostera ere ekin dio aurten Bilboko euskaltegien aldeko kanpaina bati. “Euskarari baietz” leloarekin, Udalak animatu egin nahi ditu euskaraz ez dakitenak, edo ikasten edo hobetzen jarraitu nahi dutenak, euskararen alde egin dezaten eta izena eman dezaten Bilboko 17 euskaltegietakoren batean matrikula egiteko.
Era bateko eta besteko pertsonen irudi bat agerian ––adinekoak, gazteak, gizonak eta emakumeak, hainbat jatorritakoak…––, eta baikortasun keinu argi bat eginez –– batzuen eta besteen eskuek goratuta elkarrekin zarta egiten dutelarik aldi berean––, kanpainarako baliatu den sormen horrek hauxe nabarmendu nahi du: zeinen axola handikoa eta positiboa den euskara ikasi eta erabiltzea, eta zenbat erraztasun eskaintzen diren euskara ikasteko.
Hala, bada, kanpaina honek hauxe nabarmendu nahi du: zer zabala den euskara ikasteko zentroen eskaintza ––are 17 euskaltegi ere, Bilbon––, zer zabalak diren ordutegiak eta zer ugariak eskaintzen diren mailak, eta, halaber, zenbat dirulaguntza eskura ditzaketen kolektibo batzuek ––gurasoek, denbora libreko begiraleek, nahiz diru-sarrera txikienak dauzkaten pertsonek–– Bilbon euskara ikasteko .
Alde horretatik, Udalak gogorarazi du nola handitu den euskara ikasteko dirulaguntzen aurrekontua: 2023an, 700.000 euro izango dira, 2022an baino % 218 gehiago.
17 EUSKALTEGI BILBON
Bilbok 17 euskaltegiko sare bat dauka. Ikasturte honetarako, ohiko klaseak eta era guztietako mailak ez ezik, barnetegietako egonaldiak eta taldeentzako eta enpresentzako ikastaro bereziak ere eskaintzen dira.
2022/2023 ikasturtean, Bilbon erroldatuta dauden ia 4.600 lagunek eman zuten izena Bilboko euskaltegietan matrikulatzeko.