Ekimen berria da, Bilboko Udalak bultzatua, eta bakarra Euskadin. Gazteek euskaraz hitz egiteko duten beharrari erantzuteko eta haren erabilera praktikoa sustatzeko sortu zen.
Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak gaur arratsaldean entregatu ditu Udalaren osoko bilkuren aretoan I. Bilboko Eztabaida Ligaren sariak.Ekimen berria da, Bilboko Udalak bultzatua, eta bakarra Euskadin. Gazteek euskarazko ahozko adierazpena garatzeko duten beharrari erantzuteko eta haren erabilera praktikoa sustatzeko sortu zen.

I. Bilboko Eztabaida Ligako irabazlea Botikazar institutua izan da, eta bigarrena Unamuno, beste banakako sari batzuen artean.
Bilboko Unamuno, Botikazar eta Ibarrekolanda institutuetako 267 ikaslek hartu dute parte udal-programa honetan. Lehiaketa goizeko 08:30ean hasi da, La Perrera eraikinean. 10 gazte-talderen eztabaidagai izan da, oraingo honetan, teknologiak are gehiago polarizatzen duen gizartea.Finalari begira indarrak hartzeko, La Perrera eraikinean bazkaldu dute eta Udaleko osoko bilkuren aretora joan dira; arratsaldeko jarduna amaitzeko, Inunciaga zinegotziak sariak banatu ditu.
Bilboko Eztabaida Ligaren helburu nagusiak dira ikasleen pentsamendu kritikoa eta euskaraz argudiatzeko eta komunikatzeko gaitasuna sustatzea, bai eta iritzi-aniztasuna eta eztabaida eraikitzailea errespetatzea eta foroetako parte-hartzea dinamizatzea ere. Ekimen hau EHUko Eztabaida Elkartearekin lankidetzan egin da. Programaren planteamendua da ikasleei oratoriari eta komunikazioari buruzko hasierako prestakuntza ematea eta, ondoren, Eztabaida Ligan parte hartzeko aukera ematea.Lehenengo edizio honetan, 10 taldek eman dute izena ligan: talde bik Unamuno institutuan, lauk Botikazar institutuan eta lauk Ibarrekolandan.
Eztabaida-lehiaketarako, galdera bat hautatu da eta ikasleek horri buruzko eztabaida akademikoa zelan prestatu ikasi dute. Horretarako, informazioa bilatzen, argudioak eraikitzen eta kontrako argudioei erantzuten trebatu dira. Gainera, gaitasun hauek garatu dituzte: komunikazioa, entzute aktiboa, talde-lana eta lankidetza, pentsamendu kritikoa eta analitikoa, denboraren kudeaketa eta publikoaren aurrean hitz egiteko trebetasuna.
Lau prestakuntza-saio jaso dituzte eta saio bakoitzean eduki desberdina jorratu da. Hala ere, saio guztietan ariketa praktiko bi egin dira ikasleek euskaraz jendaurrean hitz egiteko, beldurra galtzeko eta prestakuntza jasotzeko.
- 1. saioa: Ahozkotasuna eta eztabaida akademikoa. Ahozkotasuna ariketa praktikoen bidez landu da eta hobetzeko oinarrizko jarraibideak eman dira (gorputz-hizkuntza, tonuaren erabilera, etab.). Era berean, eztabaida akademikoaren funtzionamendua zein den azaldu zaie.
- 2. saioa: Argudioak eraikitzea. Argudio sendoak zelan eraiki azaldu zaie, BAEEen egitura erabiliz (baieztapena, arrazoiketa, ebidentzia, eragina). Ikasleek gai bati buruzko argudioak eman dituzte.
- 3. saioa: Kontrako argudioak ematea. Kontra egiten ikasi dute ariketa praktikoen bidez. Aurreko saioan aurkeztutako argudioak defendatzeko, aurkaratzeko eta berreraikitzeko moduari buruzko prestakuntza jaso dute. Horretarako, parte hartzeko dinamikak egin dira.
- 4. saioa: Ariketa praktikoa. Aurreko saioetan ikasitakoa praktikan jarri dute. Argudioak eta kontrako argudioak zelan egin eta zelan azaldu behar diren eta ahozkotasunari buruz ikasitakoa erabili dute eztabaida batean.
