Bilboko alkate Juan Mari Aburto Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Udalak urtero antolatzen duen omenaldiaren buru izan da. Aurten, Bilboko Udalak aisialdiko begiraleentzako euskarazko trebakuntzan diharduten hiru elkarteren lana eta konpromisoa eskertu nahi izan du, eta, hala, Aisiola elkartea, Urtxintxa Eskola eta Gaztetxo Eskola saritu ditu.
Ekitaldian, alkatearekin batera, Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia eta udalbatzako beste kide batzuk izan dira. Saritutako elkarteen ibilbidearen laburpeneko hiru bideo labur proiektatu ondoren, Darío Urzay artistaren grabatua eman zaie elkarteotako ordezkariei. Bertaratuek Bilboko txistulari-taldeaz gozatu ahal izan dute, eta txokolate bero bat hartu dute gero. Ekitaldian, bestalde, Udalak bat egin du Eusko Jaurlaritzak proposatutako Euskararen Egunaren Adierazpen Instituzionalarekin, zeinak aurten lelo hau baitu: “Euskal hiztunon ahotsa, euskararen zabalbide. Euskal hiztuna, euskararen zabalkunde digitalaren eragile nagusia”.
Omendutako hiru elkarteetako zuzendariek, Josune Bañales, Mertxe Luengo eta Asier Bilbaok, hitza hartu dute Udalaren aitorpen sinboliko hori eskertzeko. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok hitz batzuk eskaini dizkie: “Aisialdi hezkidetzailea, indartua, parte-hartzailea, inklusiboa, plurala eta euskalduna. Ez da gutxi hiru elkarteok duela zenbait hamarkadaz geroztik eskaintzen diguzuena, egiten duzuen lana. Eskolak, letra larriz. Milaka pertsonari ez ezik, beste elkarte, enpresa eta erakunde publiko batzuei ere ematen diezue prestakuntza, beti balioetan oinarritutako aisialdi hezitzailea jomuga hartuta, begiraleak, zuzendariak eta gizarte-, kultura- eta euskara-sustatzaileak euskaraz trebatzeko. Zorionak eta eskerrik asko, Bilbon egoitza izateaz gain bilbotar izateaz harro zaudetelako”.
AISIOLA
Aisiola Euskadiko Ikastolen Federazioaren aisialdiko trebatzaileen eskola da. 2001ean sortu zen, eta urtero 500 ikasle inguru ditu, 26 trebatzailez osatutako talde baten ardurapean. Elkarteak haurren eta gazteen aisialdi hezigarria sustatzeko egiten du lan, euskarazko hezkuntza ez-formalaren bidez, eta lan ekosozialean jartzen du arreta. Aisiolaren ustez, euskara, gizartea eta ingurumenarekiko errespetua funtsezko balioak dira, eta jolasa eta sormena ikaskuntza- eta garapen-tresna espezifikoak. Gainera, kalitatezko prestakuntza euskalduna eskaintzeko egiten du lan hezkuntzaren eremu ez-formalean eta informalean.
GAZTETXO ESKOLA
Etenik gabe aritu da lanean 1980-81 ikasturteaz geroztik, eta bere jarduera nagusia hezkuntza-aisialdiko hezitzaileak trebatzea da. Hala, begirale, zuzendari eta gizarte- eta kultura-sustatzaile izateko ikastaroak antolatzen eta ematen ditu. Hiru ikastaro ofizial horiez gain, gazteriarekin, hezkuntzarekin, hirugarren sektorearekin eta bestelakoekin lotutako jarduerak, jardunaldiak, foroak, kongresuak eta abar ere antolatzen ditu. Ekimen horien helburu nagusien artean dago, zalantzarik gabe, aisialdirako hezkuntza-eredurako baliabideak eta ezagutzak zabaltzea, baina, batez ere, herri euskaldun eta euskaltzale baten balioekin koherenteak diren hezitzaileak sustatzea.
URTXINTXA ESKOLA
Urtxintxa Eskolan 4.000 pertsona baino gehiago trebatu dira aisialdiko begirale, zuzendari eta dinamizatzaile gisa 1986an sortu zenetik. Aisialdiko elkarte, enpresa eta erakunde publiko askok ere prestakuntza jaso dute eskolaren bidez. Bestalde, hezkuntza ez-formala lan-arlo nagusitzat hartuta, Urtxintxa Eskolak ikastetxeei eta kultura-erakundeei laguntzen die feminismoari, euskarari, kulturartekotasunari, dibertsitate funtzionalari, parte-hartzeari eta inklusioari buruzko programen bidez, eta, hain zuzen ere, programa horiek garrantzi handia hartu dute Eskolaren dinamikan.
EUSKARAREN EGUNEKO 2023KO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Beste urte batez, Udalak bat egin du Eusko Jaurlaritzak proposatutako Euskararen Egunaren Adierazpen Instituzionalarekin, zeinak aurten lelo hau baitu: “Euskal hiztunon ahotsa, euskararen zabalbide. Euskal hiztuna, euskararen zabalkunde digitalaren eragile nagusia”.
Horrela, testuak jasotzen duen bezala, “digitalizazio aurreratuaren garau honetan, adimen artifiziala makulu ez ezik kultur, komunikazio eta gizarte garapenaren bektore nagusi bilakatzen ari zaigunean, erronka berri bat iritsi da gure komunitatera. […] Euskararen zabalkunderako aro digital berria hasi da, inplikazio pertsonalaren bidez eta komunitate gisa jarduteko unea iritsi da. Har dezagun geure esku bereziki adimen artifizialaren bidetik datozkigun lanabesak euskaraz funtzionatzeko bidean tinko jartzeko ardura, erakutsi diezaiogun euskaraz lan egiten geure eguneoko jardueran ezinbesteko lankide dugun tresneria digitalari”, adierazi du amaitzeko.