Aurtengoa Mintza Egunaren 8. Edizioa izango da. Edizio bakoitzean herri baten antolatu da Mintza Eguna mintzalagun egitasmoetan parte hartzen duten lagunek elkar ezagutu eta ondo pasatzeko.
Mintzapraktika egitasmoak hainbat herritan antolatzen dira izen desberdinekin (Berbalagun, Mintzakide, Solaslagun…) euskara ikasten ari direnen eta euskaraz ondo dakitenen arteko harremana sortu eta ikasleek euskaraz hitz egiteko konfiantza eta jariotasuna lor dezaten.
Ikasturteari amaiera emateko antolatzen da jaialdi hau eta egindako ahalegina saritzeko. Aurten Elgoibarko Izarra eta Donostiako Bagera elkarteek jasoko dute saria. Elgoibarko Izarra elkarteak berrogeita hamar urte bete ditu euskararen alde lanean, eta Donostiako Bagera elkartea izan zen orain hogei urte mintzapraktika egitasmoa martxan jarri zuen lehena.
Hauxe izango da jaialdiaren egitaraua:
- 11:00. Ongi etorria eta hamaiketakoa Maalako Parkean
- 12.00 Ibilaldi gidatua
- 13:30 Mintza Kalejira
- 14:30 Bazkaria Maalako Parkean
- 16.30 Sari banaketa
- 17:00 Euskal Erromeria MP5 taldearekin.
- … eta sorpresa gehiago!
Antolatzaileek argi utzi nahi dute ez dagoela mintzalagun programako partaidea izan beharrik egun honetan parte hartzeko. Ondo pasatzeko gogoa eta euskaraz bizitzekoa dira bete beharreko baldintza bakarrak.