Nabarmentzeko modukoa da euskaldun alfabetatuen gorakada Bilbon, azken 25 urteotan, 1991 eta 2016. urteon artean hain zuzen ere, (EUSTAT – Euskal Estatistika Erakundearen datu ofizialak kontuan hartuta, betiere). Izan ere, % 3 izatetik % 25 izatera pasatu dira, biztanle guztiak kontuan hartuta. Horrela bada, alfabetatuak izan ala ez, % 29 dira euskaldunak Bilbon 2016an (% 10 baino ez duela 25 urte, eta are gutxiago 1981ean, % 7 alegia).
Kopuru horiei, ia-euskaldunak gehitu behar zaizkie (% 20); hori dela-eta, bilbotarren % 50 inguruk badaki euskaraz neurri handiago eta txikiagoan. Aipagarria da, era berean, behera egin duela azken 15 urteotan ia-euskaldunen kopuruak (% 27 ziren 2001ean, %28 2011n eta % 20 2016an).
Adinari erreparatuta, 30 urteko bilbotarrak dira mugarri, hortik beherakoen artean gehiago direlako euskaldunak, ia-euskaldunak eta erdaldunak baino. Esan beharra dago, adin-taldeetan behera egin ahala, are eta nabarmenagoa dela joera hori, 20-29 urtekoen artean euskaldunak osta-osta daudelako ia-euskaldunen gainetik eta erdaldunen taldea ere aipagarria delako; aldiz, 10-19 urtekoen artean euskaldunak askoz gehiago dira (18.384), ia-euskaldunak (5.935) eta erdaldunak (2.806) batuta baino. Eta joera bera ikus daiteke gazteagoenen artean.
Ibaiondo da Bilboko barrutirik euskaldunena, bertoko biztanleen ia herena izanik euskalduna, eta haren ondotik datoz Abando (% 30,9) eta Deustu (% 30,8). Gainerako barrutietan, oso kopuru antzekoak daude (% 26 eta % 28 artean). Ez da harritzekoa, hortaz, 2001 eta 2016 urteen artean barruti horietan eman den aldaketa, euskaldunen kopuruari dagokionez: Ibaiondon, adibidez, bikoiztu baino gehiago egin da kopurua; Abandon ia bikoiztu eta Deustun ere antzera, apur bat gutxiago izan arren.
Ama-hizkuntza kontuan hartuta, oso aipagarria da behera egin duela euskara etxean jasotzen dutenen kopuruak; baina, era berean, are gehiago jaitsi da gaztelania ama-hizkuntzatzat dutenen taldea. Ondorioz, etengabe ari da igotzen beste hizkuntza bat duten herritarren taldea. Horrela bada, Bilboko biztanleen % 5ek baino ez daukate ama-hizkuntzatzat euskara eta oso antzekoa da gaztelania ez den beste bat daukatenena. Aldiz, gora ari da etengabe egiten euskara eta gaztelania batera dutenen taldea (% 4,2).
Ondorioz, batetik, irakaskuntza dela euskalduntzeko bide nagusia esan daiteke, eskoletan edo euskaltegietan izanda ere; bestetik, esan daiteke gero eta ohikoagoa dela euskara eta gaztelania batera erabiltzea etxean edo horiek ez beste hizkuntzaren bat erabiltzea ere.
Oraingoan ere, eta hurrenkera honetan, Ibaiondon, Abandon eta Deustun erabiltzen da gehien euskara etxean, edo euskara eta gaztelania batera. Euskara edo/eta gaztelania ez den beste hizkuntza bat ere Ibaiondon erabiltzen da gehien, nahiz eta Rekalden ere asko gertatzen den.
Horrela bada, euskaraz hitz egiten dakitenen bilbotarren kopurua gora doa etengabe urtez urte; baina ez dirudi oraingoz erabilera bide beretik doanik. Hori dela eta, Euskara Zuzendariordetzak zenbait programa eta kanpaina antolatzen ditu bilbotarrak euskara ikastera eta, batez ere, erabiltzera animatu daitezen.
Bilbo osoko datuak: Bilboko datuak txostena